XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gai berezia duten zati batzu egon daitezke, informazio zehatza lortzeko, arretaz entzutea eskatzen diotenak gaiari buruz taldeko beste partaideei hitz egiteko, adibidez.

Beste batzutan, eginkizun batek testuan zehar banatuta dauden informazio-zati konkretuak entzutea eska diezaioke.

Entzuteari xede bat eskaintzen dion teknika ezagunena, jakina, galderen bidezkoa da, zeinek ikasleak gertaera konkretuak entzutera edo entzuten dutenetik ondorioak ateratzera bultzatzen bait ditu.

Teknika hau hemen aztertzen ez badut, ez da bere balioa edo egokitasuna zalantzan jarri nahi ditudalako, jadanik ezaguna delako baizik.

Horregatik bada, beste iharduera-mota batzutan gehiago zentratuko naiz, horien bidez ikasleei beren entzutezko trebetasunak garatzen lagun bait diezaiekegu.

Iharduera hauetako batzu 4. kapituluan aztertutako komunikazio funtzionaleko ihardueren antzekoak dira, baina oraingoan ikasleek ez dute beren xedea bata besteari entzunez lortu behar, hirugarren iturri bat entzunez baizik (normalki irakasleak dioena edo grabazio bat).

Ikasleak eman behar duen erantzun-motaren arabera taldekatuko dira iharduerak: 1. Ataza fisikoak burutzea (irudiak aukeratzea, adib.) 2. Informazioa lekuz aldatzea (taula-eran, adib.) 3. Informazioa birformulatzea eta ebaluatzea.

Enfasi nagusia informazio funtzionala entzutean jarriko da.

Baina ikusiko dugu antzeko teknikak erabil daitezkeela ikasleek esanahi sozialak entzun ditzaten motibatzeko ere.

Ikaslearen erantzunaren izaera hiru arrazoi nagusirengatik da garrantzitsua.

Lehenik, erantzun ireki bat eman beharrak eskaintzen die ikasleei entzuteko berehalako motibazioa.

Bigarren, esanahi-mota konkretu batzurantz zuzentzen ditu eta honela beren entzute-iharduera egituratzen laguntzen die.

Hirugarren, erantzun-mota batzuk (bereziki goiko bigarren kategoriakoek) ikasleei testuaren esanahi zentralak kontzeptualizatzeko eta batzu besteekin erlazionatzeko markoa eskaintzen die.

Hala ere, bapateko erantzun hau ez da nahitanahiez entzutearen azken xedea izango.

Beste edozein ihardueraren aurretiko bezala ere balio dezake.

Adibidez, ikasleek lortzen duten informazioak eztabaidarako, ahozko txostenetarako edo idazkietarako oinarri bezala balio dezake.

Azken kapituluan ere (5.3) ikusi dugu entzutezko iharduera bat, simulazio-ariketa luze batean osagai bat izan daitekeela.

Egia esan, entzunaldi arrakastatsu baten emaitzak xede zabalago baten zati direnean, orduan aurkitzen dira ikasleak gehien motibatuta.